2010/04/19

Ukabilkada bat

Pello Uharte
EGUNKARIA auziko epaiak interpretazio eta komentario zaparrada eragin du eta, dudarik gabe, erreferentzia izanen da datozen urteetan. Absoluzioarekin bukaera ematen zaio inputatuek jasan behar izan duten zazpi urteko kalbarioari, baina herriarengandik sortutako proiektuari lurra eman zitzaion Guardia Zibilak eta Barne Ministerioak, hots, Espainiako estatuak EGUNKARIA betiko itxi zuen egunean.


Ez dakit itxierak ekarri zituen galera ekonomikoak neurtu eta Estatuak eragindako kalte ordainak pagatuko ote dituen. Euskalgintzari eragindako kaltea, ordea, neurtezina da. “Den-dena ETA da” printzipiotzat hartuta, aspaldi gaude susmopean Euskal Herri euskalduna nahi dugunok eta euskal kulturaren inguruan era batean edo bestean ari garenok, nahiz eta ETArekin batere zerikusirik ez dugun. Are gehiago, Estatuaren jarrera oldarkor horrek euskararen kontrako jarrerak areagotu ditu gizartean.

Egia da baita ere euskalgintzan dezente akomodatu garela, indarrak batu beharrean sakabanatu ditugula eta zailtasunen aurrean etsipen puntu batek harrapatuta gabiltzala. Garaia da geure buruari kritika egiteko etorkizunaren erronkari bestelako baldintzatan aurre egin nahi badiogu.

Bitartean, batez ere azkeneko hiru urteotan, euskara itotzeko politika areagotu du Nafarroako Gobernuak: Europako Kontseiluak behin baino gehiagotan salatu du Sanzen Gobernuak ez duela Hizkuntza Gutxituen Karta errespetatzen, D eredua zabaltzeko eragozpenak daude, Euskalerria irratia oraindik ezlegala da, euskarazko hedabideei diru laguntza izugarri murriztu eta desagertzear daude batzuk, euskara ikasteko laguntzak nabarmen jaitsi dira eta horrela luze segi genezake, Nafarroan euskara ez baita kultura ondaretzat jotzen.

Horregatik, mahai gainean ukabilkada bat jotzeko ordua da. Nafarroako Gobernuari ozenki erran behar diogu aski dela, ez garela konforme euskal kultura ezabatzeko daraman politika mixerablearekin. Horretarako, Kontseiluak manifestazioa deitu zuen martxoaren 22an agerraldi zabal batean. Maiatzaren 15ekoa ez da beste manifestazio bat izanen, ez. Euskararen alde sekula egin ez den manifestaziorik handiena eta anitzena nahi dugu. Une larri honetan horixe behar baitugu: ukabilkada ozen bat mahai gainean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario