Pasa den astean, La política explicada a los niños izeneko esketxean ikastolako haurrek ez zuten ikasgelako ordezkaria maite. Arrazoia: kargu hori eskuratu zuen Garzon irakasleak ikasle batzuk zigortu eta bozkatzen utzi ez zielako. Gero, ikastaldearen ordezkariak kaniketan jolastu nahi zuen, baina bere lagun bakarrak saskibaloian nahiago zuen eta horretan aritu ziren biak.
Parabola hori gustatu zitzaidan. Horren jarraian iragarri zuten, gainera, hurrengo astean Espainiako Erregeri zergatik egiten zaion txistuka azalduko zutela. Horregatik, inoiz baino interes biziagoarekin jarri naiz aste honetan telebistaren aurrean irri batzuk egiteko asmo sanoarekin.
Programa gaizki hasi zen, ordea. Beti pertsona ezagun bati egiten diote elkarrizketa eta nori eta Antxon Urrusolo aurkezle plastari egin zioten. Aurkezle petral eta españolista sutsu horrek Aspaldiko izeneko magazinea zuzentzen du, Pásalo arrakastatsua ordezkatzen duena. Duela gutxi, Vaya semanita-k kendu berri duten Pásalo programaren aurkezleak gonbidatu nahi izan zituen, baina ETBko agintariek debekatu zuten.
Gatozen harira. Programa oker hasi eta okerrago bukatu zen. Izan ere, ez ziguten kontatu nola azaltzen zaien Euskal Herriko umeei zergatik hartzen ditugun Espainiako Errege-erreginak txistuka. Iragarritako esketxaren arrastorik ez. Zer pena! Agian Berriozarko ikasleek ikasiko zuten txistulariak zergatik ez zuen txistua jo nahi izan Miguel Sanzen aurrean institutuaren inaugurazioan.
Aspaldiko telebista da ETB Nafarroan, hemengo agintariak 30 urtez kontra egiten saiatu arren. Nago, nafar asko ETB ikusteari uzten ari garela; eta ez da Miguel Sanzen errua.
No hay comentarios:
Publicar un comentario