Fermintxo Santxez
Amerria? Zergatik Amerria eta ez Aberria? “Aberri” hitza Sabino Aranak erabili zuen 1896an lehen aldikoz. Erdarazko “Patrie”, “Patria”, “Fatherland”, edota “Vaterland” kontzeptua adierazteko asmatu zuen hitza.Amerria, aldiz, eta nik dakidala, 2003an erabili zuen lehen aldikoz Jean-Louis Davant-ek, poema batean: “Bai, Amerri bakarra, hi haunat Euskara!”. Euskaldunon tradizioan hagitz erroturik dagoen sentimendua adierazten du hitz miresgarri honek: “Ama Euskal Herria, Ama Euskara, Ama Lurra, Ama Nafarroa”. Euskal Biziaren lauburua, gure Askatasunaren kiribila.
Euskal Herria kinka larrian dela begi bistan da. Aurreko mendeetan bezala, Estatu zapaltzaileek erdietsi dute euskaldunok gure arteko liskarretan murgiltzea, noraezean amiltzea. XX. mendeko abertzaletasunaren bi adarrak, eskuinekoa zein ezkerrekoa, krisi sakonean daude, arrazoi desberdinengatik bada ere.
Ateka estu honetatik irteteko, euskaldunon geure burua indartu eta azkartu behar dugu. Eta horren egiteko, Euskal Herriaren erroetara jo behar. Ororen gainetik Euskara da gure erroa, Euskara baita euskaldun egiten gaituena. Euskara da gure euskarria. Euskarak eusten gaitu Herri eta jende gisa. Euskara da Euskal Herria askatzeko dugun armarik zorrotzena.
Bitoriano Gandiaga poetak modu ezin hobean adierazi zuen hori 1985ean: “Hemen / euskaldun izatea bezalako / gudaririk ez dago. / Hemen / Euskaraz irakurri / eta Euskaraz idaztea bezalako / iraultzailerik ez dago./…/ Hemen / ez dago Euskara adinako / askatasunaren aldeko / itxarobiderik”.
Euskara eta Askatasunaren lauburu honek egin beharreko urratsak erakusten dizkigu. Errotu eta gogotu; jakin eta ekin. Lauburu honek ez du muga-bukaerarik, hasiera amaia baita: errotzeak gogoa berotzen baitu, eta gogotzeak jakin-mina eta jakin-nahia pizten baititu. Jakitearen hegalek aireratzen baitute ekintzaren ametsa, eta ekiteak indartzen baititu Herriaren erroak.
XXI. mendeko euskal pentsamenduaren paradigma berria eraiki eta osatu behar dugu lehenbailehen, etsai zapaltzaileek sartu gaituzten etsipenaren zulo beltzetik jalgitzeko. Bainan aise ohartzen gara paradigma berri hau biziki zaharra dela: euskalduntasunaren bidea da. Euskalduntasun osoa eta errotua, ez azken mendeetako akulturazio eta kolonizazioaren ondorioz gelditutako hondakinen purruxkak.
XIX. mendean Euskal Herriak pairatu zuèn etnozidio sistematikoaren ondorioz, orduantxe sortu zèn abertzaletasuna nazio-alienazio linguistiko bortitzaren emaitza izan zen. Lehentasuna botere politikoa eskuratzeari emanda, eta bere iharduera gehiena Espainolez eginda, Euskal Nazioaren zutabeak osatzeari bigarren mailako zeregin sinboliko eta folklorikoa esleitu zitzaion.
XX. mendean abiatu zèn ezkerreko abertzaletasun berrian, bi paradigma ari ziren elkarren lehian eta talkan: Txillardegi, Eustakio Mendizabal eta beste aunitzen abertzaletasun euskalduna, eta beste batzuen abertzaletasun baskoa. Bi paradigma horiek 50 urtez aritu dira barne-borrokan, eta argi dago zein den behin eta berriz gure artean nagusitu dena: abertzaletasun baskoa, nagusiki Espainolez eta Frantsesez pentsatu eta hezurmamitzen dena.
Gogoeta hauen iturria Joxe Manuel Odriozolaren liburu mugarria izan da: “Abertzaleak eta Euskara”. Bere pentsamendua oso emankorra da gaur egungo krisi larri hau ulertu ahal izateko. Bihoa hemendik ene esker ona berarendako, eta euskal pentsamenduaren bide honetan akuilu eta lagun diren Joxe Azurmendi, Txepetx, Xamar, Alfontso Martinez Lizarduikoa, Josu Naberan eta beste aunitzendako ere. Joan zaizkigunak ahantzi gabe: Manex Erdozaintzi-Etxart, Gotzon Garate, Iratzeder, Salbatore Mitxelena, Bitoriano Gandiaga, Andima Ibiñagabeitia, Xalbador…
Bizitzeak hiltzea du zor, eta XIX. zein XX. mendeko abertzaletasun ereduak agortzear daude. XXI. mendeko bide berriak urratzerakoan, Amerri kontzeptuak sor lezakeen paradigma zaharberria kontuan hartu beharko genuke euskaldunok.
Amerriak lau bide zabaltzen ditu: euskalduntasuna, nafartasuna, feminismoa eta ekosozialismoa. Lau ardatz horien inguruan Euskaraz eraiki behar da euskal amertzaletasuna. Zeren eta Euskal Herria, Euskaraz eraiki eta osatuko baitugu, eta ez bestela. Irlandako ispilu hitsak argiro baino ilunkiro irakasten baitigu abertzaletasun erdaldunak, patriotismo baskoak nora eramanen gaituen: etnozidioaren azken fasera, Euskara eta Euskal Herriaren heriotzera. Euskararik gabe Euskal Herririk ez. Euskal Eria izanen gara hasieran, emeki-emeki erdal herriak bilakatzeko, Txillardegik 1978ko liburuan iragarri bezala. Hortxe ditugu Jakerria, Errioxa, Biarno, Bigorra eta beste hamaika eskualde, lekuko.
Euskara eta euskalduntasuna ditu ardatz, bihotz eta muin amertzaletasunak: “Euskal Herria, Euskararen Herria eta lurraldea da”. Euskaraz osatu, osatzen eta osatuko da Euskal Herria, hitzaren zentzurik zabal eta sakonenean. Euskarak izan behar du erabateko lehentasuna gure borrokan, Euskaraz jakitea edota ikasten aritzea izan behar da lehen baldintza Euskal Herriaren alde aritzeko. Bestela gezurretan ari gara, Espainiak eta Frantziak egindako etnozidioa indartzen eta legitimatzen, noren eta balizko “abertzaletasun” mamiz hustutako baten izenean!
Euskara eta Askatasunaren bide gogor eta eder honetan, ez gara bakarrik munduan. Milaka eta milaka Herri daude gure egoera berdintsuan, Estatu zapaltzaile eta totalitarioek egindako etnozidioen osinean amildurik. Ama Lurra gaixotu du Boterearen minbiziak. Ama Lurraren seme-alaben biziminak osatuko du gure planeta, sendatu eta askatukoko gaitu gu guztiok. Botere zapaltzaile guztien minbiziaren kontra, Herri Langile guztion bizimin askatzailea.
Amertzaletasunaren garaia iristear dagoela uste dut: espainolistek jukutriaz eta azpikeriaz ebatsi dute Mendebaldeko Jaurlaritza, eta ondorioz, euskaldun aunitz beren lozorro eta ameskeria autonomikoetatik esnatzen hasiak dira. Nafarroako Gobernu kolonialak bere jokaera zital eta etnozida erakusten digu egunero, eta Ipar Euskal Herrian nazionalismo jakobino eta totalitario frantsesak erabakitako herrizidioa bere azken fasean sartu da.
Garaia da jauzi kualitatiboa egiteko gure kontzientzian eta praktikan. Garaia da Euskara Euskal Nazioaren bihotz eta ardatzean kokatzeko. Garaia da argi eta garbi Frantzia eta Espainia espektro inperialekin hausteko eta Euskal Errepublika aldarrikatzeko. Garaia da Euskal Iraultzaren bandera gorria (berriz ere) lau haizetara jasotzeko, Euskara eta Askatasunaren bidean.
Garaia da 1848ko uztailaren 25ean Agosti Xahok egindako oihu eta garrasia berriro entzunarazteko: “Biba independentzia! Biba Errepublika! Biba Euskal Herria!” Garaia da Eustakio Mendizabalen hitzak oroitzeko: behin militante batek galdetu omen zion, ea zein zen borrokaren marko politikoa. “Hizkuntzak ematen duena”, erantzun omen zuen. Ezin argiago.
No hay comentarios:
Publicar un comentario