2009/09/29

Puta lanak, lan putak

Pello Uharte
Gaztelu plazatik uxatu eta Santa Engrazia ingurura joan ziren. Gero, hango auzokideen presioa jasan ezinik, Buztintxurira aldendu ziren. Orain, Buztintxuriko alarmak uluka hasi eta Berriozarrera pasatuko ote dira kale prostitutak? Eta hona etorriz gero, zer harrera eskainiko diegu?


Hemen badago putetxe galanta herriaren gunerik preziatuenetako batean, udaletxea eraikitzeko aproposa zen tokian, baita parrokia berria egiteko ere. Eta putetxe hori gustuko ez duenak badu beste bat Berriozartik metro gutxi batzuetara, hori ere dotore askoa.

Antzeko bat ireki berri omen dute Badostain herrian ere, eta auzoek txistor jana, afariak eta bestelako ekitaldiak antolatu dituzte puteroak uxatzeko. Herri horretan ez da jende asko bizi, baina zalaparta eragin dute hedabideetan eta polizia putetxera sartzea lortu dute. Noski, ez dira sartu jabearen bila edo balizko txuloa atxilotzera, neskek paperak zituzten ala ez ikustera baizik.

Prostituzioa ofiziorik zaharrena dela, lana dela, eta abar diote. Lana bada, lan txarra izanen da ia denak atzerritzarrak baitira. Oso lan normala ere ez da; ez baita batere normala, adibidez, aita batek adieraztea aiton-amonengandik jasotako familia-negozioan ari direla emaztea, koinata eta alabak puta lanetan.

Politikariek ez dakite zer egin prostituzioarekin. Arautu? Debekatu? Ez ikusiarena egin? Kontu zaila da. Oso zaila. Gakoetako bat da emakume horiek lan hori askatasunez egiten duten ala inork behartuta ari diren. Zenbait kasutan garbi dago esplotazio nazkagarri baten biktima direla eta beste batzuetan gustuko lana dutela, baina askotan beraiek ere ez dakite. Hori da patuak eman dien ofizioa, eta kito. Prostituzioaz kanpo ere berdin; galdetu, bestela, eguneroko ogia irabazteko komunak garbitzen dituen emakume puteatu bati, errate baterako, ea askatasunez aukeratu duen lanbide hori.

No hay comentarios:

Publicar un comentario