Pello Uharte
Igandean, abenduak 12, Bertso Txapelketa Nagusiaren finala jokatuko da. Zortzi finalisten curriculuma irakurri eta hauxe iruditu zait aipagarriena: bi ingeniari, kazetari bat, abokatu bat, bi filologo eta beste bi Arte Ederretan lizentziatuak. Gainera, guztiek argitaratu dute zerbait: nobelak, saioak, artikuluak, diskoak...
1960ko Txapelketa Nagusiko finalera Narbarte goizuetarra iritsi zen, besteak beste. Batere eskolagabea zen. “Belgatarren erregin / egin da Fabiola” puntuari segida eman behar zion, baina ez zekien Belgika non dagoen ezta Fabiola nor zen ere, eta honela bukatu zuen bertsoa: “...Hantxen pentsatutzen det / zerbait badagola”.
Garai haietan gaiak askotan baserri girokoak izaten ziren:
Kortan daukagu txahala
Hezur eta azala
Aita San Antoniok
Loditu dezala.
Ohikoak ziren baita ere alkoholak eta jokoak familia giroari sortutako kaltea, erlijio eta amodio kontuak, eta horrelakoak.
Azkeneko hogei urteotan bertsolaritzak garapen handia izan du. Neurri eta melodia berriak hartu dira, bertso teknika izugarri hobetu da eta hizkuntza aldetik bertso zuzenagoak eta aberatsagoak dira gaurkoak. Gaiei dagokienez, baserri zuloa utzi eta mundu zabaleko kontuak jorratzen dira, gero eta aniztasun eta sakontasun handiagoz.
Gaur egunetik begiratuta, bertsolaritza zaharra malenkonia puntu batez ikusten dugu, baserritarren bizimodu hura ikusten dugun erromantizismo berarekin. Bertsolaritzak nekazaritza mundutik interneten mundura bide luzea egin du, luze- luzea. Bizitza oso bat. Nirea, adibidez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario