2009/12/27

Eguberriko txartel bat jaso dut

Pello Uharte
Nafarroako Abesbatzen Elkarteak Eguberriko posta-txartela bidali dit. Txukuna, eta gaztelania hutsean. Bazter batean, keinu baten gisan, “Zorionak”, “Bon Nadal” eta “Bo Nadal”. Une horretan pentsatu dut Espainiako Federazioa izanen zela bidaltzailea, baina ez, Iruñetik dator notizia.

Nafarroako Abesbatzen Elkartea hainbat urtetan Euskalerriko Abesbatzen Elkartean egon da federatuta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Iparraldearekin batera, baina aurten ateratzea erabaki du. Nafarroako batzordea ez omen dago ados Euskal Herriko batzordeak egindako gestio ekonomikoarekin eta federaziotik kanpo gelditzea erabaki du.
Horixe bota zuten urteko batzarrean. Emandako aitzakia nahikoa iruditu ez, eta berehala hasi ziren protestak eta alde bateko zein besteko aldarrikapen identitarioak. Dena alferrik. Ez dela behin betiko erabakia eta hau eta beste, baina erabakia hartuta zegoen. Hori guztia duela ia urtebete gertatu zen; halere, Euskalerriko Abesbatzen Elkartearen web gunean Nafarroaren orrialdea dago erabat eguneratuta beste herrialdeetako orrialdeen ondoan.
Batzar haren bukaeran, gai ordenatik kanpo, informazio hau eman zuten: PSNko Felones jaunarekin negoziatu ondoren, segurua da, orain arte ez bezala, Parlamentuak aurrekontuetan partida bat aprobatuko duela, Nafarroako Abesbatzen Elkarteari urte osoko babes ekonomikoa bermatuko diona.

No hay comentarios:

Publicar un comentario