Lehen, artean telebistarik ez zegoen garaian, gure herri txikietan gertakari pozgarria izaten zen eskale baten etorrera. Eskale hitza ez genuen erabiltzen, “pobre” deitzen genituen. Guztietan ezagunena “Itxotoko” izenekoa zen. Ez dakit hori izena ala goitizena ote zen. Guk horrela deitzen genion. Xelebrea zen tipoa. Beno, nire izeba batek “famosoa” zela zioen.
Zaharra, txikia eta potolo samarra zen eta beti alboan izaten zuen hezur eta azal besterik ez zen ”Raxpa” zakurra. Etxerik ez duenez -erraten zuen- ni zaintzen nau. Etxerik ez, baina “Itxotoko” gurera etorri eta ia bere etxea balitz bezala sentitzen zen.
Inguruko herrietako gure senideen eta hainbat jenderen berri ematen zigun. Gainera, etxeko gorabehera guztiez galdetzen zuen interes handiarekin. Beste herrietan uzta eta azienda kontuak nola zihoazen umorez eta grazia handiarekin kontatzen zuen. Solas erraza zen berea eta neska herabetiak hitz goxo eta ausartez lotsarazten ere ongi zekien.
Eskalea zen eta bere ofizioa ederki ezagutzen zuen. Sabela bete eta zahatoa hustu, horrela zebilen egun osoan. Erdi mozkortuta eta gorputza zorri bila arakatzen ibiltzen zen. Ume bihurriren batek zahatoa ezkutatuz gero, sekulako biraoak botatzen zituen, eta norbaitek lana eskaintzen bazion, “Itxotokok” errespetu faltatzat hartzen zuen.
Herriko etxe guztiak bisitatzen zituen, baina gurean egiten zuen lo, ikuiluan, abereen arrimu goxo eta beroan.
Hiriko eskaleak, ordea, arrunt bestelakoak iruditu zaizkit beti. Eliz atarian jarri eta hor izaten dira miseriak ahalik eta agerien erakusten. Atzo bertan, bi eskalerekin topatu nintzen zuzen-zuzenean merkataritza gune bitan. Bi gizon gazte. Atzerritarrak, biak ala biak. Badirudi oraingo eskaleek ikasi dutela supermerkatuak eliz eta hiperrak katedral bihurtu ditugula eta hortxe paratzen dira.
Atzoko bi eskaleek ez zuten batere xarmarik, aurpegian tristura eta oinazea besterik ez zitzaien ikusten. Ez zuten “Itxotokok” eskale ofizioari ematen zion kategoriaren arrastorik ere. Berez, “Itxotoko” ez zen pobrea. Atzokoak, bai.
No hay comentarios:
Publicar un comentario