2010/02/03

Espainia da kartzela

Jokin Irigoien
Zorionak Pernando! Bi urtez espainiar presondegitan mantendu eta gero Pernando Barrena auzokidea karrikaratu dute. Adierazi digutelarik, lehendabiziko sentipena, poza: Pernando kalean ibili ahal izatea lagunarekin, senideekin… A ze nolako poza!
Ondoren jakinarazi dizkigute espainiar auzitegi horrek Pernando karrikaratzeko jarritako baldintzak: 50.000 €roko bermea eta aurrerantzean ezin "antzeko bilera, manifestazio, jendaurreko ekitaldi, koalizio edo alderdi politikotan" parte hartzea.

Zur eta lur gelditu naiz. Bermea ikaragarria da! Edozein familia xume dardarka uzteko modukoa. Ez dago zalantzarik gure auzokidearen sendiak sekulako ahalegina eginen duela horrelako bermeari aurre egiteko... baina ikaragarria da.

Halere, aurreko bidegabekeriak, biak, txiki gelditzen dira hirugarrenaren aldean. Lan politikoa egiteagatik pertsona bat espetxean bi urtez mantentzea eta sekulako dirutza bermerako bildu behar izatea izugarriak dira, baina hirugarren baldintzak erakusten du Espainiako Auzitegi Nazionalak zer ulertzen duen “askatasunaz”.

Kalean aske bizitzeaz ulertu ahal da bilera, manifestazio, jendaurreko ekitaldi, koalizio edo alderdi politikotan parte hartzeko debekua? Zer nolako “askatasuna” eman diote Pernandori? Hori al da guztiok bizi dugun “askatasuna”?

Pernando espetxetik atera dute baina presondegi handiago batean ibiltzeko: orain, Pernandoren kartzelak Auñamendietarainoko eta itsasorainoko mugak ditu baina ez da libre bere dohain eta gaitasun guztiak jendartean garatzeko. Baina, ez engainatu lagun: hemen, Pernando bezala, inor ez da libratzen Espainiako kartzel handi horretatik.

Pernandori murriztu dizkioten eskubideak aspaldian mugatu zizkieten bere erakunde politikoari eta berau bozkatu nahi zuten milaka herritarrei. Eta herritar horiek libro ez badira nahi dutena bozkatzeko hemen ez dago askatasunik, benetako askatasunik.

Eskubide batzuk onartzen zaizkigu baina, funtsean, ezin dugu bozkatu nahi duguna, ezin dugu izan nahi duguna: bozkatu (eta izan) behar dugu haiek diotena. Eskaintzen dizkiguten aukeren artean hautatu behar dugu baina, aurretik, aukeraketa horretatik baztertzen dute guk hautatuko genukeena.

Estatu eta sistema honetan, borrokatzen ez ditugun eskubideak galdutzat eman behar ditugu. Zernahi moduz, ez etsi, “another brick in the wall”, hormatzarreko bertze adreilu huts eta hits bat izan nahi ez badugu Pernandoren lekukoa hartu behar dugu. Norberak nahi duen esparruan eta eran, baina etsi gabe, aitzinera!


No hay comentarios:

Publicar un comentario