Hedabideak ez dabiltza batere fin Haitiko egoeraren berri ematerakoan. Egun batean 111.499 hildako izan direla jakinarazten digute, eta 24 ordu geroago, 150.000, ia %40 gehiago. Eta hori lurrikaraz geroztik 13 egun pasatu zirelarik.
Halere, hori baino larriagoa da, nire ustez, nolako ikuspegia ematen ari diren, zer azpimarratzen duten, alegia. Agian irakurleon morboa asetzeko izanen da, baina erreportaje gehienetan haitiarrak erakutsi dizkigute lapurretan, gure limosnak pilatzeko jarduera berekoietan eta mendekua hartzeko ekintza bortitzetan.Espainiako hedabideek oroitarazi digute 1794ra arte ez zela Haitin esklabotza debekatu, baina ahaztu zaie nonbait 1517an Espainiako Carlos I.a erregea izan zela esklabu beltzak Afrikatik hara eramateko baimena eman zuena.
Badakigu baita ere, eta egia da hedabideei esker dakigula, lurrikararen ostean haitiar asko aritu dela ahal zuen neurrian laguntzen, jende gehienak elkartasun jarrera garbia izan duela, ikaragarri sufritzen jakin dutela, salbamendu lanetan era solidarioan ari izan direla eta GKEek lan eskerga egin dutela. Baina ez da hori hedabide gehienek baloratu dutena.
Aitzitik, herri atzeratua, basatia, oihanekoa, ezjakina, vudu praktikatzen duena eta edukaziorik gabea erakutsi digute gehienetan. Zertarako, ordea? EEBBetako militarren presentzia justifikatzeko, agian? Lehen Mundukoak zer onak garen ondorioztatzeko, beharbada?
Jakina, Lehen Munduak erakutsiko die hildakoen poltsikoak diru bila arakatzea itsusia dela, badirela edukazio oneko teknikak lapurtzeko, finagoak eta eraginkorragoak. Haitiar basatiak kristau baloreetan hezi behar dituela ari ei da pentsatzen Iruñeko apezpikua Haitin apaiztegi bat, seminario bat, egin nahi duela dioenean. Antzeko bidetik, Donostiako bere kolega Munillak dio larriagoa dela hemengo balore falta lurrikarak Haitin eragindako kaltea baino. Arrazoia du, Lehen Munduak hango miserian erantzukizun handiagoa du lurrikarak baino.
No hay comentarios:
Publicar un comentario