2010/05/20

Hogeita hamaika urte eta gero, hau!

Pello Uharte
Berriozarren D ereduaren 25. urteurrena ospatzen ari garen une honetan, Lizarrako Remontival eskola publikotik albiste kezkagarri bat iritsi zaigu. D eta A ereduko ikasleek “Euskal Herrian euskaraz” abestu behar zuten jaialdi batean; horrekin ados ez, eta Guraso Elkarteko presidenteak eta presidente ordeak dimisioa aurkeztu dute hedabideetan hauts dezente harrotuta.

Oskorrik duela 31 urte plazaratu zuen kantu hori eta, ongi oroitzen naiz, hemengo D ereduaren hastapenetan ia-ia gure ereserkia zen. Oker handirik gabe erran dezaket irakasle eta ikasle gehienok Xabier Amurizaren letra bihotza saltoka kantatzen genuela eta gurasoren baten masailan behera malkoren bat antzeman nuela.

Euskal Herrian euskaraz
hitz egiterik ez bada
bota dezagun demokrazia
zerri askara…

Ahapaldi hori izan da, nonbait, eskandalua eragin duena. Demokrazia zerri askara? Por Dios! Orain arte, 31 urteotan, ez zaio inori desegokia iruditu, baina badirudi Lizarran batzuek demokrazia hitza asko maite dutela. Ez bide zaie inporta zer motatako demokrazia den. Agian ez dute pentsatu herri bati bere hizkuntza erabiltzen eragoztea ez dela batere demokratikoa.

Lehen, supazterrean laratzetik zintzilik egoten zen pertzean txerrientzako bazka prestatzen zen eta hara botatzen ziren azalak, soberakinak, eta abar, baina ez ustelik, ez urdindurik, ez zikinkeriarik ere. Herri baten hizkuntza ezabatzen duena ez da benetako demokrazia, diktadura hutsa da, eta horrelakorik ez du inork merezi, ezta txerriek ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario