Bazen behin, duela urte aunitz eta hemendik oso urrun, ipurtargi ttipi bat. Erran nahi baitut biziki ttikia zela, ñimiñoa. Argiñe zuen izena.
Argiñe baso handi eta zabal batean bizi zen, eta gauero irteten zen mundua ezagutzera. Basoa sarria zen eta oso itxia, hosto, lore, belar, landare eta zuhaitzez betea. Ilargi eta izarren argia nekez eta ozta-ozta iristen zen basoaren bihotzeraino, eta hantxe bizi zen Argiñe, Laminen Urjauzien ondoan, hain xuxen ere.
Baso iluna zen hura, tantai guztietako hostoek geriza eta geruza sortzen baitzuten. Oihan Beltza zuen izena.
Gure Argiñe ttipiak egunean zehar lo egiten zuen, eta gauez ttipi-ttapa-tipi-ttapa oinez ibiltzen zen harat eta honat, dena ikusi eta ikasi nahian: pagoen hostoen xuxurla eztia, hontzaren ulu misteriotsua, menditik jauzika jaisten zèn xirriparen urots jostakina…Hamaika kontu eta kantu baziren Ohian Beltzean entzun eta aditzeko, nabari eta dastatzeko, ukitu eta laztantzeko: xinaurrien lerro luze eta nekaezinak, urtxintxen jolas akrobatiko amaigabeak, txorien txorrotxio alai; eta miresgarriak…
Gauero-gauero irteten zen gure Argiñe, eta egunsentiaren lehen printzekin etxeratzen zen.
Egunak joan eta egunak jin, egun batean Argiñe negar zurrustaka hasi zen, eta ez zen berriro abiatu bere gaueroko itzulia egitera.
-Akiturik eta nekatuta nago! Gauero jalgitzen naiz mundua ezagutzera eta ilunbea baizik ez dut ikusten! Beti iluna aurrean! Zer bizimodu tristea! Zer pena morena!
Oihan Beltzeko abere eta basapiztia guztiak; hurbildu ziren Laminen Urjauzietara, eta Argiñe kontsolatzen saiatzen ziren, gogoz eta bihotzez. Bainan ez zuten lortu gure laguntxoa animatzea, ezta bere gaueroko ibilalditxoari berriz ekitea ere.
Goroldio totel batek Mari deitzea proposatu zuen, eta denek onartu zuten.
Etorri zen Mari, izaki guztien Anderea, eta dena argiz bete zen.
-Argiñe, zer gertatzen zaizu? Zergatik ari zara negarrez?
-Triste eta goibel naiz, Mari! Ene gaueroko ibilaldietan ilunbea baizik ez baitut ikusten!
-Ene ttipia! Ipurtargia zara zu, argia gibelean duzu, zeure gorputzeko atzealdean. Zure lana besteei argi egitea da, bidea erakustea, gaua sorgintzea. Horregatik ikusten duzu ilunbea beti zeure aitzinean, iluntasuna zuk zeuk urratzen baituzu!
-Egia da! Egia da! Egia da! - erran zuten Oihan Beltzeko izaki guztiek batera. Argiñek alaitzen ditu gure basoko gau ilun beltzak! Argiñek zipriztintzen ditu argiz gure zoko eta bazterrak! Argiñek erakusten digu bidea, nondik jo ez dakigula!
-Egia da hori?- galde egin zuen Argiñek.
-Egia da Argia! -erantzun zuten denek.
-Egia Argiñe, handi zara zu zeure ttipian! –erran zuen Marik, izaki guztien Andereak. Argia aitzina daramanak aurrean ilunbea baizik ez du ikusten, bainan argia da bera besteendako! Zuek guztiak, handi eta ttiki, argia zarete elkarrendako! Izatearen orekan eta biribilean ez baita goi-beherik, ez handi-ttikirik, ez haundi-maundirik ere! Denak zarete desberdin, eta denak zarete berduin!
Geroztik Argiñe zoriontsu izan zen, zoriontsu izan zen betikotz. Eta unatzen zen bakoitzean, Mariren hitzak atxikitzen zituen gogo-bihotzean, eta berriz ematen zuen, basoko gau ilunetan, argia. Maitasunez eta xamurtasunez;gainezka aritzen zenez, gero eta argi handiagoa ematen hasi zen, gero eta Marirengandik hurbilago. Argiñe, ttipi-ttapa-ttipi-ttapa Oihan Beltzeko bidexketan barrena oinez ibiltzen zelarik, Argia izaten hasi zen.Hain Argi Handia, non hortik aitzina Oihan Beltzari, Argiaren Oihana erran baitzioten.
Baziren behin, duela urte gutti eta hemendik oso hurbil, Herri ttiki aunitz…
2009ko Nafarroa Oinez-eko lagunendako bihotz-bihotzez!
Berriozarren 2008ko irailaren 24an.
No hay comentarios:
Publicar un comentario