Pello Uharte
Izugarria da zer naturaltasunez botatzen diren irainak Interneteko foroetan, telebistako zabor programetan, udalaren osoko bilkuretan eta irratiko tertulietan. Gainera, gero eta irain larriagoak izaten dira eta askotan ematen du jendea norgehiagoka ari dela.
Mota guztietako irainak entzuten dira. Irain batzuek zerikusia dute animaliekin: “gusano”, “víbora”,astakiloa, zerria... Beste batzuek sexua dute iturburu: “cabrón” , “cornudo”... Zerrenda luzea litzateke. Euskaraz bada puta errateko adiera polit eta zaharra: zapatagorri. Beste irain mota bat da etikarekin lotzen dena: lapurra, gezurtia, terrorista, hiltzailea... Badira mota gehiago: erlijioari buruzkoak, itxura fisikoari erreparatzen diotenak, adina kontuan hartzen dutenak, etabar.
Gaztelania aberatsa da irainetan. Euskara ere bai, baina ez dugu irain askorik ezagutzen edo nahiago ditugu erdarazkoak. Hor ere diglosia galanta dago. Dena den, konbentzituta nago euskaldunak ez garela hain irain zaleak, errespetu handiagoz begiratzen diogula hurkoari, alegia. Bada esaera zaharra honela dioena: “Irainak egitea baino, hobe jasatea”.
Iraina aurrekoa mintzeko asmoz egindako hitza da. Hori da hiztegiak dioena eta garbi dago halaxe dela. Futbolean izan ezik. Zer gertatzen da futbolean? Futbola oso gune egokia da era guztietako irainak botatzeko, baina zaleek ez dituzte arbitroa eta kanpoko jokalariak mindu nahi, kikildu baizik. Askotan, ezta hori ere, katarsia baino ez da. Behin, nire ondoan zegoen batek egundokoak bota zizkion arbitroari zelairatu berritan. Zelai erdira heldu zenean, zera galdetu zidan: nor da?
Iraintzeko beste gune aproposa politika da. Hor malaletxe gehiago dago. Gogoan dut PSOEko Alfonso Guerra. Mihi pozoitsua zuen, irainetan estilista bat zen, zorrotza eta argia. Berak zioen bereak ez zirela irainak, analisiak baizik. Azal gogorra, berea! Berriozarren ere entzun eta irakurri behar izan ditugu horrelako “analisiak” batez ere azken boladan. Erranairuak dioenez, “iraina da arrazoirik ez dutenen argudioa”.
Pintxo lehiaketa
Hace 8 años
No hay comentarios:
Publicar un comentario