Pello Uharte
Arrakasta handiarekin bukatu berri den “Gai sozialei buruzko film laburren Berriozarko jaialdia”-n lagun bat “zer moduz?” agurtu eta erdaraz horixe erran zidan: “hemen, herria eraikitzen”. Demodé iruditu zitzaidan espresio hori, aspaldian horrelakorik entzun gabe bainengoen. Une hartan pentsatu nuen herria egina dagoela eta, “haciendo pueblo” baino, “haciendo bulto” litzatekeela egokiagoa. Berehala ohartu nintzen nire pentsamenduaren okerraz. Izan ere, herriak etengabe ari dira egiten, berregiten eta zaharberritzen beti izanen baitute zertan hobetu eta aurreratu.
60ko hamarkadan biztanle kopurua 260tik 3.000ra igo zen Berriozarren, eta 70ekoan, 5.000ra. Garai haietan, amaraun soziala ehundu behar zen. Festak, inauteriak, Olentzero, eskola, elkarteak, udala, kabalgata, musika taldeak, kultur ospakizunak, osasun etxea, euskara, kirola, aisialdia... dena egiteko zegoen. Orduan, herriko edozein ekimeni presentzia soilarekin laguntza ematea izugarri inportantea zen.
Gaur egun, aldiz, film laburren jaialdira, adibidez, ez gara joaten ekimen hori bultzatu nahian. Aitzitik, jaialdiak berak bultzatu gaitu joatera oso erakargarria eta aberatsa izan delako. Horrek erran nahi du aurreko bidea ongi egin dugula, amarauna behar bezala ehota dagoela eta funtzionatzen duela.
Urteak pasa ahala, gauzak aldatu egiten dira. Pertsonak ere bai. Baita jarrerak ere. Lehen herri militantzia zen “herria eraikitzeko” motibazio nagusia, edo bakarra, beharbada. Gaur, ez dut horretan belaunaldi ordezkapenik antzematen. Gazte gutxi ikusten dut herri elkarte gehienetan. Demodé iruditzen ote zaie? Herrigintza eta kulturgintza ez al dira gai sobera serioak politikarien, enpresen eta zaharron esku uzteko?
No hay comentarios:
Publicar un comentario