2009/10/14

Zer pentsatua eman dit

Jokin Irigoien
Hamar lagun atxiloturik arlo politiko-instituzionaleko erakunde bat sortzen saiatzeagatik. Gaurko berria da. Zaharrak berri. Espainiar agintariek ez dute nahi arlo politiko-instituzionalean mugimendurik Ezker Abertzalearen aldetik. Zer pentsatua eman dit: demokrazia batean ez al zen dena egingarria politikagintzaren arlotik?


Ahalegin politikoak errotik ezabatzen badituzte… nori sinestarazi nahi diote ezarri diguten sisteman Ezker Abertzalearen projektua egingarria denik? Argi dago egungo marko politikoan ez dela egingarria aipatu egitasmoa eta espainiar agintariek argi eta garbi utzi nahi dutela.

Euskal idazle bati literatura arloko sari nazionala eman diote. Gaurko berria da. Zaharrak berri. Lehenago ere gertatu izan da. Nazio (espainiar) mailako sariketa horretan gaztelaniaz egindako idazlanekin batera kontuan hartzen omen dira egungo espainiar Estatuko gainontzeko hizkuntzetakoak. Zer pentsatua eman dit: inperioaren hizkuntza zenak tokia utzi dio lurralde txiki bateko hizkuntza gutxitu bati?

Txepetxi irakurri nion nazioa herri bakar baten hizkuntzak eratzen duela. Beraz, espainiar Estatuan, bertzetan bezala, gainontzeko lengoaiak menpekoak dira, hizkuntza nagusiak (gaztelaniak) azpiraturikoak. Hortaz, hizkuntza ttipiak horrelako sariketetan nabarmentzean ez dago bertzelako herritartasun baten aitorpenik: gu ere espainiarrak gara (edo frantziarrak) etiketa ematen digute eta gure eskerrona aditu nahi dute.

Arestian aipatu bi berriak gaurko albistegietan agertzea kasualitatea da. Kasualitatea ez dena zera da: Euskal Herria politikagintzatik antolatzeko zirrikiturik uzten ez duen sistema berak sariak ematea espainiar (edo frantziar) etiketapean eroso senti gaitezen.

Ondorioa zein da? Anitz aipa daiteke baina, oraingoz, galdera bat bururatzen zait: espainiar edo frantziar sariketetan, selekzioetan… gauzarik arruntena bailitzan parte hartzen (eta txalotzen) badugu zer nolako sinesgarritasuna izanen dugu gero herri gisa agertzeko?

Erantzuna galdutako harrotasunean datza.

No hay comentarios:

Publicar un comentario