2009/11/02

Koherentzia legez kanpo dago

Naiara Sánchez Inda

Txikitatik askotan joaten naiz zinemara. Pelikula mota guztiak ditut gustoko: erromantikoak, zientzia fikziozkoak, beldurrezkoak, misteriozkoak…
Pelikula bat aukeratzeko, askotan,  zuzendaria zein den begiratzen dut edo, bestela, filmearen gaia. Badaude atsegin ditudan bi zuzendari, gaur egun zineman pelikula bana dituztenak, Woody Allen eta Quentin Tarantino. Lehenengoak, beti edo gehienetan, zorteari buruz hitz egiten du bere lanetan. Bigarrenak, ordea, mendekua du maite. Nire ustez, nahiko koherenteak dira espresatu nahi dutenarekin eta horregatik miresten ditut. Egia esan, Tarantinoren pelikula gehiago ikusi ditut, Woody Allenenak baino: “Kill Bill”, “Death Proof” eta oraingoan zineman dugun “Malditos Bastardos”. Guzti hauen ardatza mendekua da, ikuspuntu, denbora eta toki ezberdinetan. Azken hau gomendatzen dizuet, asko gustatu zaidalako.


Baina koherentziaz hitz egiten ari naizela, gogora datorkit egun hauetan entzun dudan berria. “Saw VI” filma ezin da zineman ikusi, X filme bezala katalogatu dute. Badirudi gehiegizko biolentzia duela. Bale, horrekin ados egon naiteke. Ulertzen ez dudana eta inkoherentea dena da “Saw”, “Saw II”, “Saw III”, “Saw IV” eta “Saw V” non eta zineman ikusi ditudala. Biolentzia, odola, erahilketak eta abar duten pelikulak dira. Baina lehenengotik hasita azkenera arte. Ez dut uste “Saw VI” besteak baino biolentoagoa izango denik. Orduan, zergatik guzti hau orain eta ez lehen? Biolentzia zineman, kalean eta etxe askotan dago eta hori ezin da nolanahi ezabatu. Beraz, hobeto zinema bakean uzten badute eta beste gauzetan zerbait egiten hasten diren.

Dena den, hau ez da hemen amaitzen, zeren guztien artean inkoherentzia handiena da Disneyren produkzio bat dela.

Beraz, “Saw VI” ikusi nahi duenak, zer egin behar du? DVDan atera arte itxaron? Edo beste inkoherentzia bat: internetetik jeitsi. Zinemara joaten garen guztietan, filmea hasi baino lehen betiko iragarkia ikusten dugu: pelikulak internetetik jeistea legez kanpo dagoela, ez dakit zenbateko multa dela, eta abar. Koherentea dena, zineman pelikula ikustea, ezin bada egin zer egin dezakegu? Geratzen zaigun aukera bakarra: inkoherentea dena. Total, nork ez du noizbait egin?

Hau guztiarengatik, koherentzia legez kanpo dagoela uste dut. Bestela, gure inguruan begiratu besterik ez dugu egin behar.  Edo ez baduzu nahi, begiak itxi, eta aurrera jarraitu, askok egiten duten bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario