Jokin Irigoien
Etnokultura bakoitzak berezko mundu ikuskera omen du, beraz, herri desberdin bakoitzak bere mundu ikuskera adieraztean berezko sinbologia garatzen du.Kretako zibilizazio minostarrean naturaren indarra gurtzen zuten zezenaren inguruko erritoan. Errito haietan emakumeak nagusi ziren zezena jauzika saihesten eta, haren indarra gurtuz, bere inguruan dantzatzen. Zezena naturaren indarraren errepresentazio zuzena zen eta hala errespetatzen zuten; haren inguruko jauzien eta dantzen bitartez erakusten zuten gizakiak nola baliatu ahal duen naturaren indarra.
Zoritxarrez, Kretako minostar kultura hura Santoriniko sumendiaren eztandak eragindako tsunamiak suntsitu zuen. Geroago, Grezia sortuko zuten lehendabiziko indoeuropearrek asmatu zuten Kretako Minotauroaren leienda. Leienda hartan zezena ez zen gurtza merezi zuen naturaren indarraren ordezkari, greziar heroi batek menperatu beharreko basapiztia baizik.
Egungo Grezia sortu zuten indoeuropar haiek Amalurra gurtu baino nahiago izan zuten natura menderatzen duen gizaki gerrazaleari men egin. Hortaz, mendebaldeko egungo zibilizazioen aitzindariak ziren greziar haiek inperialisten gisan hasi ziren inposatzen haien indarra, kultura eta sinbologia.
Halloween ospakizunak zeltiarren (bertze herri indoeuropar baten) mundu ikuskeran eta sinbologian du oinarri. Zernahi moduz, zeltiarren Halloween hark ez zuen zerikusirik egungo zonbi, mamu, banpiro, mozorro, litxarreria, goxoki eta telebistako iragarki okaztagarriekin. Orduko zeltiar druidek ezin zuten imajinatu Michael Jackson izeneko koblakari eta dantzariaren ibilera zonbi sasi komikoak izanen zirela Halloween ospakizunaren irudikapen nagusienetakoak. Kontsumismoa eta gezurra.
Orduko greziar gerrazaleek bezala egungo inperioak ere bere sinbologia hedatzen du kondaira berriak zabalduz. Txarrena da egungo Halloween-en sinbologiaren atzean heriotzaren ikuskera isekagarria dagoela, zerikusirik ttipiena ere ez duena heriotzaz euskal herriek (neolitikoek) izan dugun (duten) ikuskerarekin. Harrespiletan eta trikuharrietan Jorge Oteizak irudikaturiko hutsaz (materiaz inguratzen dugun benetako izaeraz) sakondu beharrean maikeljason-en zonbi itxurakoen trick or treat gailenduko zaigu? Inposatuko digute?
Aurrerantzean, ez naiz ni haserre antzean aterako goxoki eskaleak uxatzera baina adieraziko diet ohitura horiek ez direla nireak eta ez ditudala sustatu nahi.
No hay comentarios:
Publicar un comentario