Pello Uharte
Laster, furia espainola mundu zabalera eraman duen futbol selekzioak Euskadin jokatuko du nazioarteko partida ofizialen bat. Baina ez pentsa Euskadiko edo Euskal Herriko selekzioaren kontra arituko denik. Ez eta gutxiagorik ere! “Gorria” 1967tik ez da Euskadin aritu eta hemengo gauzak normalizatze aldera, Eusko Legebiltzarrak zezenaren larruko Federazioa gonbidatu du selekzioaren partidak Euskadin jokatzera. To ofizialtasuna!
Saio berean, Legebiltzarreko gehiengo ortopediko horrek eskatu dio “Vuelta Ciclista a España” antolatzen duen Unipublic enpresari etaparen bat Euskadin bukatzea. To lurraldetasuna! Hogeita hamabi urte eta gero, hau!
Nazionalistak boteretik bota ondoren, euskal sinbologia ezabatzen ari dira sozialistak: Eguraldiaren mapa hasieran, gero presoak Euskal Herrira ekartzeko aldarri-ikurrak, orain E letra gotikoa (Euskadirena) kendu dute ertzainen uniformeetatik...
Eusko Jaurlaritza sozialisten esku dagoela kontuan hartuta, espero zitekeen sozialismoaren sinbologia eta baloreak begi-bistan jarriko zituztela; hala nola, elkartasuna, historia eta oroimena, berdintasuna, laikotasuna, sozialismoa, errepublika, askatasuna, eta abar.
Baina, ez. Euskal nazionalismoa zegoen tokian nazionalismo espainola ari dira jartzen. Gorri-horia balkoi ofizial guztietan jarri dute, euskal curriculumean gaztelania indartu nahian euskara ito beharrean jarri dute, Gorbeia errekonkistatu dute Perrexil uhartearen erara eta piper-potoa ezarrita, ETBn Espainiako erregearen Eguberriko diskurtsoa jarriko dute eta orain “vueltaspaña” eta Espainiako selekzioaren partidak iragarri dizkigute.
Zer izanen da hurrengoa? Ez dut ideiarik eman nahi, hori Legioaren ahuntzaren adar okerrak baino okerragoa litzateke eta. Nahiago dut imajinatu San Mameseko harmailak ikurriñez josita, errege-erreginak eta infantak palkoan, Valentzian jokatu zen Bartzelona-Athletic partidako txistualdiaren bigarren edizioa eta jendea Camerun animatzen.
Pintxo lehiaketa
Hace 8 años
No hay comentarios:
Publicar un comentario