2009/11/24

Udal bat herriarentzat

Xabier Lasa Berriozarko Auzapeza
Ohitu beharko gara. Ez, ez da eraikin perfektua; batzuek kanpotik itsusia dela diote, leihorik ez duela, handiegia dela, gehiegi kontsumituko duela, oso garestia dela… Baina badira, halaber, bestelako iritzia dutenak eta bere kanpoko itxura gustatzen zaienak. Horien ustez Berriozarko eraikin aipatuena izanen da etorkizunean, barrenetik duen argitasuna nabarmentzen dute, eta gehiegizko tokia izatea ez dela arazo pentsatzen dute, gure herrian zerekin bete badago eta.

Gustuak alde batera utzita, argi dagoena zera da: Udala ez dela eraikina, eta ez dela definitzen udaletxeak dituen ezaugarri fisikoen arabera. Udala herria ordezkatzen duen instituzio politiko bat da. Hau da, bere auzokideek bozken bidez hautatu dituzten bizilagunek osatua, eta horiek herritarren legezko ordezkari bilakatu dira elkarren arteko bizitzari dagozkion erabakiak hartzeko. Zinegotziek eta alkateak udal bizitza zuzentzen dute lau urtez delegazioz, baina ez dira udal bizitzaren jabeak, entzun eta erantzun behar diete izendatu dituztenei horiek beren erabakiei eta burutzen duten lanari buruz galdetzen dietenean, eta kontuan izan behar dute beti herria dela botere-subjektu legezko bakarra demokrazian. Berriozarren nahi dugu ordezkatze-printzipio hori araua izan dadila une orotan, horregatik udaletxe hau ez da politikoena, kaleak, liburutegia, kiroldegia, parkeak… haienak ez diren bezala. Udalaren ondarea berriozartarrena da, modu berean, udal langileak auzokideen langileak dira. Politikook hemen gaude hautatu gaituztenei ahal dugun eta dakigun bezain ongi zerbitzatzeko, eta gure presentzia behin behinekoa da. Ez genuke hori sekula ahantzi behar.

Berriozarko udaletxe berriaren inaugurazioa aukera egokia izan daiteke politikooi eta auzokideei ideia honi buruz gogoeta eginarazteko, zeren eta segur bainaiz eraikina (ikur bat dena), bere estetikaz haratago, baloratua izanen dela instituzioaren lanaren arabera. Udaletxea denon etxe sentituko dugu areago Udala hurbila bada eta herritarren zerbitzura jokatzen badu beti argitasun eta prestutasunez. Berriozarren printzipio hori berreskuratzeko beharra dugu udal politikagintza egitean. Saiatu behar dugu beste interesetatik sortzen diren jarrerak alde batera uzten eta gure jendeari askoz gehiago begiratzen udal helburu gisa. Udalaren egoitzaren aldaketa pizgarri bat izan daiteke, horrela jokatzeko zinezko gogoa badugu.

Inauguraziorako prestatu diren ekitaldiak bide horretan doaz; izan ere, lagundu nahi gaituzte herria garela sentitzen eta ulertzen Udala den bezalakoa dela guk horrela nahi izan dugulako eta ordezkatzen gaituelako. Eraikin berrira aldatzean ez gara mudantza egiten ari, gure berriozartar nortasunaren zentzu politikoa ospatzen ari gara. Auzokide bat ere asmo horretan parte hartu gabe ez geratzea nahi nuke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario