Pello Uharte
Rith 2010 izeneko lasterketa, eginen dute Irlandan martxoaren 9tik 17ra bitartean. Gaelikoaren aldeko ekimen hau lehenengo aldiz eginen da aurten, urtero martxoan ospatzen den Gaelikoaren Astearen barruan. Hemendik aurrera, berriz, bi urtean behin antolatzeko asmoa azaldu dute. AEK-k eta KORRIKAren antolatzaileek parte hartuko dute.
Hogeita hamabi urte pasatxo,
hamasei KORRIKA eta
zenbat gehiago beharko diren
egiten dut gogoeta,
bide luzea eginda ere
helmuga urrun da-eta.
Gure hizkuntzak irabazteko
geroaren lasterketa,
zuk behar nauzu, nik behar zaitut
denok behar dugu AEK.
Irlandak ere bere hizkuntza
badu beti-betikoa.
Hemen bezala, hau zoritxarra!
ez da mintzatzen nahikoa.
Hizkuntz txikien gaixotasuna
da hil ala bizikoa,
baina Belfasten, aste honetan,
KORRIKA lehenbizikoa
AEK lagun, abiatuko da
salbatzeko gaelikoa.